XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Austria. 7. atala.

1.- Federazioko herritar guztiak berdinak dira legez.

Ez da mesederik onartuko sexua, gizarte-maila, klasea edo erlijioa dela eta.

2.- Herri-langileei, Federazioko Armadako kideei ere bai, eskubide politikoak erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie, inolako mugarik ezarri gabe.

Belgika. 6. atala.

Estatuan ez da inolako bereizkuntzarik egingo gizarte-mailaren arabera.

Belgiar guztiak berdinak dira legez eta haiek baino ez dira onartuko kargu zibilak eta militarrak betetzeko, legez berariazko kasuetarako ezartzen diren salbuespenak salbuespen.

6-bis atala.

Belgiarrei aitorturiko eskubide-askatasunak erabiltzea bermatzen da, bereizkeriarik egin gabe.

Horrexegatik, hain zuzen, legeek eta dekretuek bereziki zainduko dituzte gutxiengo ideologiko eta filosofikoen eskubide-askatasunak.

Danimarka. 10. atala.

Fedea edo jatorria dela eta, ezin izango zaio inori murriztu eskubide zibil eta politikoen erabilera osoa; era berean, ezin izango du inork gizartearekiko ohiko eginbeharrak bete gabe utzi.

Espainia. 14. atala.

Espainolak legearen arabera berdinak dira eta ezin da onartu bereizkeriarik, jaiotze, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste baldintza edo egoera pertsonal edo sozialagatik.

Finlandia. 5. atala.

Finlandiar guztiak berdinak izango dira legez.

Frantzia.

Giza Eskubideen eta Herritarraren Eskubideen Aldarrikapena.

Konstituzioaren Lehenengo Eraskina.

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, eskubide berberak dituztela beti.

Ezin izango da gizarte-bereizkuntzarik egin herri-onerako ez bada.